Manuela proiektua Langeti Integrated Centren integratzen da, artea eta integrazioa elkartzen dituen “proiektuen proiektua”.

Zazpi hilabete igaro dira Ugandan desgaitasunen bat duten haurrentzako zentro bat martxan jartzeko asmoa plazaratu genuenetik. Zazpi hilabete hauetan, erabat bete ditugu 2021 urterako ezarri genituen helburuak; izan ere, pertsona eta erakundeen aldetik jaso dugun erantzuna izugarria izan da. Asko hunkitu gaitu, eta zurekin partekatu nahi dugu.

  • Lortu dugu 69 pertsonak konpromisoa hartzea  urteroko ekarpenarekin.
  • Laguntza-talde bat sortu dugu Nafarroan, hainbat espezialitatetako profesionalekin,  aholkularitza lanak egiteko.
  • Hautaketa-prozesu bat ireki genuen, eta Ugandan hiru profesional kontratatu genituen.
  • Profesional horiek (terapeuta bat, gizarte-langile bat eta kudeatzaile bat) desgaitasuna duten haurrak artatzen dituen zentro batean ari dira prestatzen, Kanpalan, Ugandan.
  • Atarrabiako Udalak 30.000 euroko laguntza eman digu 2021erako, eta 2022an eta 2023an zenbateko bera emateko konpromisoa hartu du. 90.000€ guztira, zentroa eraiki eta ekipatzeko.
  • Zentroa kokatuko den lursaila erosi dugu.
  • Harremanetan gaude Mugarik Gabeko Arkitektura GKEarekin (www.asfes.org), eta proiektuaren diseinuan laguntzen ari gara.

Baina onena iristear dago, eta kontatu nahi dizugu.
Solidarios con Arua – Arua Elkartasuna 30 urte baino gehiago darama Ugandan lanean, eta dozena bat proiektu jarri ditu martxan. Hala ere, Burlatako elkarteak bere proiektu handienari ekingo dio: Langeti Zentro Integratuari.

Une honetan Solidarios con Arua – Arua Elkartasuna , Cooperative Growth – Uganda tokiko beste erakundearekin batera, lau proiektutan murgilduta dago, orain arte haien artean independenteak izan direnak: Vura Music Project, 2014tik garapen sozialerako lan egiten duena, musika-hezkuntzaren bidez; Bilinyo Kultur Zentroa, etorkizuneko Arte Eskolaren egoitza; baserri-eskola bat; eta Manuela proiektua, desgaitasuna duten haurrentzat.

Hala ere, duela zenbait astetik hona, lau proiektu horiek proiektu integral bakar batean biltzen ari dira, proiektuen proiektu handi batean, eta integrazioan, lankidetzan eta bizikidetzan sakontzea ahalbidetuko du, maila askoz aberasgarriagoan: Langeti Zentro Integratua.

Oro har, honako eremu hauek hartuko ditu etorkizuneko zentroak:

  • Vura-Bilinyo Arte Eskola: jada eraikita dagoen eraikinean musika, pintura, literatura, moda, artisautza eta beste hainbat jarduera jorratuko dira.
  • Vura-Bilinyo Erakusketa Zentroa: jatetxea eta agertokia dituen eremu bat da, erakusketetarako gune batzuk dituena. Horietan, Arte Eskolatik sortutako arte-adierazpenak erakutsiko dira, baita beste kultura-ekitaldi batzuk ere.
  • Behar bereziak dituzten haurrentzako zentroa (Manuela proiektua): desgaitasuna duten haurren eta haien familien beharrei erantzuteko gelak eta instalazioak.
  • Vura-Bilinyo baratze-tailerra: nekazaritzako gune txiki bat, familiako kide heldu zein premia bereziak dituzten beren seme-alabei nekazaritzako teknika organiko adimendunetan prestakuntza emateko.
 
Solidarios con Arua – Aura Elkartasunak, proiektu integral honen bidez, komunitatean inpaktu handiagoa eragin nahi du, ahaleginak, sinergiak eta helburuak bateratuz:
  • Behar bereziak dituzten haurren familien erronken arreta hobetzea.
  • Familietan eta komunitatean, oro har, behar bereziak dituzten haurren integrazioa hobetzea.
  • Komunitatearen desgaitasunarekiko duten pentsamoldea aldatzea.
  • Desgaitasuna komunitatean integratzeko mekanismo berriak sortu.
  • Komunitateen arteko lankidetza, garapen sozioekonomiko eta soziokulturaleko ekimenak modu iraunkorrean bultzatzeko.
  • Ma ‘di azpieskualdea gune artistiko eta kultural bihurtzea.

    Ikusi ahal izango duzunez, proiektu berritzailea da, gure ustez aitzindaria, ilusio handia sortu du lanean ari garenon artean, eta espero dugu ilusio bera sortuko duela, zuk bezala, mundu hau leku bizigarriago, justuago eta solidarioago bihurtzeko zuen aletxoa ematen duzuen pertsonen artean.
Jaso itzazu gure berriak zure postan!

Ez dugu span bidaltzen! Irakur ezazu gure pribatasun politika informazio gehiago izateko.